Planktona itsasoetako nahiz ibai eta aintziretako uretan bizi diren organismo mikroskopikoen multzoa da; animalia, landareak, algak edo bakterioak izan ohi dira. Planktonak garrantzi handia du, uretako kate trofikoaren lehenengo maila baita.
Uretako azalean edo goialdean egon ohi da, gehienez 100 metroko sakonerara hedatzen da. Bi multzo handitan bereizten dira, autotrofismo edo heterotrofismoaren arabera: fitoplanktona landare-planktona da, autotrofoa, hau da, fotosintesia egiten du. Zooplanktona, aldiz, animalia txikiez osatuta dago, eta hortaz, heterotrofoa da.
Bizi ziklo osoa plankton komunitatearen barne irauten dutenei holoplankton deritze (esaterako, diatomeak). Plankton komunitatean bizi zikloko fase bat (gehienetan larba fasea) besterik egiten ez dutenei, aldiz, meroplankton (krustazeo edo ekinodermoen hainbat larba, adibidez).
Ur-inguruneetako kate trofikoa planktonarekin hasten da, eta planeta osoaren ekoizpen primario (materia organikoaren sintesia) totalaren erdia baino gehiago fitoplanktonak egiten du. Hori dela eta, planktonaren garrantzi ekologikoa egundokoa da.