Plaza edo enparantza hirigune publiko, zabal eta ireki bat da, eta bertan askotariko jarduerak burutzen dira. Garai guztietan eraiki izan dira, itxura eta neurri ugari dituztela, baina ez dago munduan enparantzarik gabeko hiririk. Hiri egituraren barnean duen bere gailentasun eta bizitasunarengatik hiri-aretoak izendapena hartzen dute.
Sarritan hiriko erdigunearen elementu dira, eraikin nabarmenenak bere inguruan altxatzen diren lekua, hortaz boterearen ikur bilakatzen dira. Herri askotan udaletxearen enparantzak edo elizaren enparantzak ohikoak dira: askotan biak enparantza berdinean bat egiten dute, edota herriko enparantza izen soilez ezagunagoak dira; udalerri handiagoetan katedralaren enparantzak edo jauregiaren enparantzak ohikoagoak dira.