Polimero

Indar atomikoko mikroskopioa erabiliz behatutako polimero linealen kateak. Polimero horren inguru-luzera ~204 nm da.[1]

Polimeroak molekula handiek edo makromolekulek (gehienetan organikoak) osatutako substantziak dira, monomero izeneko unitate sinple baten edo gehiagoren lotura kobalenteen bidez osatuta daudenak.[2]

Bi polimero mota daude: sintetikoak eta naturalak. Askotariko propietateak dituztenez, bai polimero sintetikoak bai naturalak funtsezkoak dira gizakien bizimodua aurrera eramateko. Poliisoprenoa (kautxua) polimero naturalen adibidea da, eta poliestirenoa (aparrarena) polimero sintetikoen adibidea.

Polimeroak dira biopolimero naturalak ere, hala nola DNA eta proteinak, bizidunen egitura eta funtzionamendu biologikorako funtsezkoak direnak: proteinak (poliamidak), azido nukleikoak (polinukleotidoak) eta polisakaridoak polimeroz osatuta daude hein handi batean.[3]

Monomeroen polimerizazio-erreakzioen bidez sortzen dira polimero naturalak zein sintetikoak.  Monomeroen kopurua aldakorra izaten da, eta askotan ez da zehazten zenbatekoa den, baina nahiko handia izan ohi da. Monomero gutxi batzuk elkartzen direnean eratzen diren polimeroak apalak direla esaten da, eta dimero (2 monomero direnean), trimero (3 direnean) eta tetramero (4 direnean) esaten zaie; monomero askoz eratutakoei, aldiz, polimero garai deritze. Polimeroen masa molekularra askoz handiagoa da beste molekula batzuena baino, eta horrek propietate fisiko bereziak ematen dizkie: gogortasuna, elastikotasun handia, biskoelastikotasuna eta kristalen ordez egitura amorfoak edota erdikristalinoak eratzeko joera.

Polimeroak polimeroen zientzia (polimeroen kimika eta polimeroen fisika barne), biofisika, eta materialen zientzia eta ingeniaritza arloetan aztertzen dira. Historikoki, unitate errepikakorrak lotura kobalenteen bidez elkartuta lortzen diren produktuak izan dira polimeroen zientziaren aztergai nagusia.

  1. (Ingelesez) Roiter, Yuri; Minko, Sergiy. (2005-11-01). «AFM Single Molecule Experiments at the Solid−Liquid Interface: In Situ Conformation of Adsorbed Flexible Polyelectrolyte Chains» Journal of the American Chemical Society 127 (45): 15688–15689.  doi:10.1021/ja0558239. ISSN 0002-7863. (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
  2. (Ingelesez) «Polymer | Description, Examples, Types, Material, Uses, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).
  3. McCrum, N. G.; Buckley, C. P.; Bucknall, C. B.. (2007). Principles of polymer engineering. 1: 2. ed., repr. Oxford Univ. Press ISBN 978-0-19-856527-7. (Noiz kontsultatua: 2023-11-03).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy