Positroi-igorpenaren bidezko tomografia | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | Tomografia |
Identifikatzaileak | |
MedlinePlus | 003827 |
eMedicine | 003827 |
MeSH | D049268 |
Positroi-igorpenaren bidezko tomografia —ingelesez: Positron emission tomography, PET—, gaixotasunen diagnostikorako erabiltzen den irudien bidezko teknika medikoa da, medikuntza nuklearraren familiakoa hain zuzen. Teknologia honek gorputzaren fisiologiari eta funtzionamenduari buruzko informazioa eskaintzen dio medikoari, hau da, ehun eta organoen funtzioei buruzko informazioa ematen duen teknologia da. Aldiz, Ordenagailu bidezko Tomografia Axialak eta X izpiak ez dute informazio fisiologikorik eskaintzen, informazio anatomikoa baizik.
Diagnostikorako erabiltzen diren irudiak lortzeko, alde batetik pazientea eskaneatuko duen makina behar da, eta bestetik, gorputzean sartu beharreko konposatu kimiko erradiatzaileak.
Erradiofarmakoak erradioisotopoak dituzten botikak dira, beste era batera esanda, positroiak emititzen dituzten isotopoez eta molekula biologikoz osaturiko farmakoak dira. Konposatu kimiko hauek bai ahotik, bai zainetatik eta baita barrunbe anatomikoetatik gorputzera barneratu daitezke.
Isotopo erradioaktiboak atomoen nukleoan aldaketak jasaten dituzten atomoak dira, era honetan ezegonkor bilakatuz. Ondorioz, isotopoek positroiak igortzen dituzte egoera egonkorrago batera heltzeko asmoz. Positroia elektroiaren antipartikula da, eta horregatik, karga positiboa dauka.[1]