Potentzia elektriko

Energia elektrikoa garraiatzeko aireko linea.

Potentzia elektrikoa edo ahalmen elektrikoa zirkuitu elektriko baten energia elektrikoaren transferentzia abiadura da, hau da, elementu batek denbora tarte baten sortu edo xahutzen duen energia elektriko kopurua. Potentziaren unitatea Nazioarteko Unitate Sisteman watta (W) da.

Potentzia elektrikoa orokorrean sorgailu elektrikoek sortzen dute, baina bateria elektriko eta beste iturri batzuk ere sortu dezakete. Energia elektrikoaren industriak sare elektrikoaren bitartez etxebizitza eta fabrikak potentzia elektrikoz hornitzen ditu.

Zirkuitu batean dabilen korronte elektrikoak, termodinamikazko edo mekanikazko lanaren bitartez, energia igorri dezake. Lan mekanikoek eta lan kimikoek sortzen duten energia elektrikoaren bidez edota zelula fotoelektrikoetan suertatzen den argi eraldaketaren bitartez elektrizitatea ekoizten da. Gailu elektrikoek potentzia elektrikoa xurgatuz beroa, argia (bonbillak), higidura (motor elektrikoak), soinua (bozgorailua) eta elektrolisia sortu dezakete, adibidez. Gainera, sortutako elektrizitatea bateriatan bildu daiteke.

Gailu elektriko batek xurgatzen duen energia elektrikoa watt-ordu (Wh) edo kilowatt-ordutan (kWh) neurtzen da —1Wh = 3600 joule—. Etxebizitza eta fabrikak energia elektrikoz hornitzen dituzten konpainia elektrikoek orokorrean kilowatt-ordutan fakturatzen dute.

Tentsio elektriko deritzo, karga elektrikoak daraman partikula bat toki batetik beste batera eramateko eremu elektrikoak gauzatzen dion karga unitatean eginiko lanari. Tentsio elektrikoa egoera-aldagaia da; hau da, egindako ibilbideak ez dauka eraginik eta eremu elektrikoaren bi puntuen arteko potentzial elektrikoaren menpe dago soilik.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy