Prokariotoak (grezieratik πρό-, pro-, "lehen, aurre" + καρυόν, karyon "intxaur" edo "hazi", zelula nukleoa adierazteko) nukleogabeko zelulabakarrez eratutako izakiak dira[1]. Eukariotoak ordea, nukleodun zelulez eratutako izakiak dira. Arkeobakterioak eta bakterioak prokariotoak dira. Sailkapen honi (Eukaryota, Archaea eta Bacteria) hiru domeinu sistema deitzen zaio[2].