Prosa

Prosaren irudia

Prosa edo hitz lau hizkuntzak bere era natural edo arruntean hartzen duen egitura edo forma da, olertiak ez bezala neurri eta erritmo jakin batzuk bete behar ez dituena[1]. Prosa hitza latinezko prōsa hitzetik dator, hitzez-hitz zuzen esan nahi duena. Nahiz eta badauden bere egiturari buruzko eztabaida kritikoak, bere bakuntasuna ahozko elkarrizketatik dator. Olertia, berez, hitz laua baino zaharragoa den arren, hitz laua oso erabilia da literaturan (saiakera eta eleberrietan), egunkarietan, aldizkarietan, entziklopediatan, filmetan, historian, filosofian, zuzenbidean eta beste hainbat arlotan.

Prosak edukiari berari ematen dio garrantzia, eta, horretarako, ideiak azaltzearen argitasuna bilatzen du. Olertiak, aldiz, formari ematen dio garrantzia edukiaren gainetik, atsegin estetikoa lortzeko. Hitz lauak azterketa dakar berarekin, eta, beraz, logikoa eta koherentea izan nahi du; olertiak, berriz, intuiziozko sintesiarekin jokatzen du, irakurlea hunkitu nahian. Hala ere, literatura modernoan, bi generoen arteko nahasketak egin ohi dira, eta horrela sortzen dira hitz lau poetikoa eta olerti prosaikoa.

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Prosa. .

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in