Puntu hirukoitz


Ohiko fase-diagrama. Marra berdeak izozte-puntua adierazten du, urdinak irakite-puntua eta gorriak sublimazio-puntua. Hauek presioarekin nola aldatzen diren erakusten da. Marra berde, urdin eta gorriaren bategite puntua, puntu hirukoitza da. Puntudun marrak uraren jokaera berezia adierazten du.

Termodinamikan, substantzia baten puntu hirukoitz bat substantzia horren hiru fase (solido, likido eta gas egoerakoak adibidez) oreka termodinamikoan batera agertzen diren tenperaturari eta presioari dagokien puntua da[1]; fase-diagrama batean sublimazio-, fusio- eta lurruntze-kurbak elkartzen diren puntuari dagozkion tenperaturak eta presioak xedatutakoa.

Adibidez, merkurioaren puntu hirukoitza 234,3156 K-eko tenperaturan (−38,8344 °C; −37,9019 °F) eta 0,165 mPa-eko presioan (1,63×10−9 atm) dago kokatuta; eta urarena 273,16 K-eko tenperaturan (0,01 °C; 32,018 °F) eta 611,657 Pa-eko presioan (0,00603659 atm).

Polimorfoak diren substantziek solido-fase bat baino gehiago dute eta, solido-, likido- eta gas-faseetarako puntu hirukoitzaz gain, beste puntu hirukoitz batzuk izan ditzakete. Helio-4a ezohikoa da, adibidez, sublimazio/jalkitze kurbarik gabe, bere solido-fasea eta gas-fasea elkartzen diren puntu hirukoitzik ez daukalako. Horren ordez, lurrun-likido-superfluido puntu bat, solido-likido-superfluido puntu bat, solido-solido-likido puntu bat eta solido-solido-superfluido puntu bat ditu. Horietako bat ere nahastu behar ez dela puntu hirukoitzik ez den Lambda puntu-arekin.

Uraren puntu hirukoitza Nazioarteko Unitate Sisteman (SIean) tenperatura termodinamikoaren oinarrizko unitatea den Kelvina (K)[2] definitzeko erabili zen. Uraren puntu hirukoitza hasieran ez zen neurketa bidez finkatu, definizioz baino; baina hori 2019ko SIaren oinarrizko unitateen definizio berriekin aldatu zen. Gaur egun substantzia batzuen puntu hirukoitzak 1990ko nazioarteko tenperatura eskalaren (ITS-90) puntuak definitzeko erabiltzen dira; hidrogenoaren puntu hirukoitzetik (13,8033 K (−259,3467 °C) eta 7,04 kPa (0,0695 atm)) hasita eta uraren puntu hirukoitzeraino (273,16 K (0,01 °C) eta 611,657 Pa (0.00603659 atm)).

"Puntu hirukoitza" terminoa James Thomson-ek sortu zuen, Lord Kelvin-en anaia.[3]

  1. Triple Point Compendium of Chemical Terminology. IUPAC..
  2. Kelvin-aren definizioa ingelesez BIPM-ean.
  3. James Thomson (1873) "A quantitative investigation of certain relations between the gaseous, the liquid, and the solid states of water-substance", Proceedings of the Royal Society, 22: 27–36. 28. orrialdeko oin-ohar batetik: " … the three curves would meet or cross each other in one point, which I have called the triple point".

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy