Rafael[1][2] —jaiotzako izena: Raffaello Sanzio[2]— (Urbino, Italia, 1483ko apirilaren 6a – Erroma, 1520ko apirilaren 6a), Pizkundeko margolari eta arkitekto italiarra izan zen. Mendeetan zehar miretsi eta eredu gisa erabilitako margolari lanez harago, ekarpen handiak egin zituen arkitekturan, eta Antzinaroko obren ikuskatzaile gisa, interes berezia jarri zuen aztarna greko-erromatarren ikerketan eta babestean[3].
Giovanni Santi margolariaren semea zen. Haur prodijio gisa hartu zuten, goiz erakutsi zuelako bere dohaina. Eta umezurtz gelditu zenean, ospea zuten hainbat artistaren tailerretan ikasi zuen. 25 urterekin lortu zuen bere lehen eskaera ofiziala, hala nola Vatikanoko egoitzen dekorazioa. Han margotu zituen zenbait fresko, besteak beste Atenasko eskola, haren obra handienetakotzat jotzen dena[4][5][6]. Ospetsua da perfekzioagatik eta bere arte bisualagatik[7], eta margolanen eta marrazki artistikoen artean bereizgarria da[5]. Migel Angelo eta Leonardo da Vincirekin batean, garai hartako maisu handienen hirukotea osatu zuen[8].
Ostiral Santu batez jaio zen, eta jai egun berean hil, 37 urte zeuzkala. Artista oso produktiboa izan zen, laguntzaile askorekin batera sortu zuen tailer bat kudeatzeari esker[9]. Gazterik hil bazen ere, lan kopuru handia utzi zuen, eta oraindik kontserbatzen dira. Haren lan gehienak Vatikanoko Museoetan daude, hango gela ezagunak freskoekin apaindu zituelako, Rafaelen Gelak, bezala. Hura izan zen egin zitzaion eskaera nagusietako bat; bukatu gabe gelditu zen, bukatu aurretik hil zelako. Laguntzaileek osatu zuten.
Gaztaroan Erroman egon ondoren, haren lan asko taldekideek marraztu zituzten; prozesu horretan kalitatea galdu zutela esaten da. Eragin handiko pertsona zen, bere garaian. Hil ondoren, Michelangelo lehiakideak lortu zuen ospe handia, XVIII. eta XIX. mendeetara arte. Ondoren, ospea berreskuratu eta hazi zitzaion. Haren lan bareago eta armoniatsuagoari esker, goi mailako artistatzat hartu zuten.
Haren artista ibilbideak hiru garai izan zituen, eta hiru estilo. Lehen urteak Umbrian iragan zituen; ondorengo fasean lau urte igaro zituen Florentzian (1504-1508), eta hiri hartako tradizio artistikotik edan zuen; azken fasea Erromakoa izan zen, hamabi urtez lan egin baitzuen Aita Santuentzat eta haren gortearentzat[10]. Han lortu zuen arrakasta handia.