Rock elektronikoa,[1][2] electro rock modura ere ezaguna (ingelesez, electronic rock), rock musika eta musika elektronikoa bateratzen dituen musika-generoa da, bi generotan ohikoak diren instrumentuak erabiltzen dituena. 1960ko hamarkadako amaiera aldera du sorrera-urte, non zenbait rock-banda estatubatuarrek, hala nola, White Noise eta Gong, rock musikan instrumento elektronikoak sartzen hasi ziren, sintetizadoreen bidez.[3] Kontrako prozesua ere jarraitu zuten beste hainbat bandek, synth musikari rock-teknika ezberdinak erantsiz: Silver Apples, Fifty Foot Hose, Syrinx, Lothar and the Hand People, Beaver & Krause eta Tonto's Expanding Head Band, zenbait aipatzearren.[4]
1970eko hamarkadan, Alemaniako zenbait krautrock-bandek (Neu!, Kraftwerk eta Can eta Ash Ra Tempel, adibidez) AEBetan 10 urte lehenago hasitakoa jarraitu zuten, Europan, rock-mugak gaindituz instrumentalizazio elektronikoari esker.[5] XXI. mendeko lehen hamarkadaren amaiera aldetik aurrera, rock elektronikoak gero eta maila gorenago bat lortu du, bestelako musika-estiloen influentziak jasotzen jarraitu duen bitartean: punk rock-a, rock industriala, hip-hopa, techno-a eta pop sintetikoa edo synthpop.[6] Hauen fusioz, bestelako generoak ere sortu dira; adibidez: indietronica, dance-punka eta electroclasha.[7]