Ronaldo Luiz Nazário de Lima (Rio de Janeiro, Brasil, 1976ko irailaren 22), futbol arloan Ronaldo deitua, futbolari profesional ohia da, munduko aurrelari onenetakoa izana.[1] Sortzez brasildarra, Espainiako hiritartasuna ere badu. Baloia oinetan zeramala zuen abiadurarengatik, O fenômeno goitizena eman zioten. Horrezaz gainera, golak sartzeko sen aparta zuen, atezainaren aurrean inoiz urduritasuna edo ezbaiak erakutsi gabe. Arrakasta andana lortu zuen bere ibilbidean zehar. 1994ko eta 2002ko Munduko Futbol Txapelketak irabazi zituen Brasilgo selekzioarekin, eta 1998koan finalera iritsi zen. FIFAko Urteko Munduko Futbolariaren Saria hirutan eman diote: 1996an, 1997an eta 2002an.