Sakabanatze (estatistika)

Batezbestekoa ez da nahikoa datu multzoak bereizteko: irudiko bi banakuntzek zentro berdina badute ere, berdez marraztutakoa sakabanatze handiagoa du.

Estatistikan, sakabanatzea edo dispertsioa aldagai bakarreko datu multzo edo probabilitate banaketa baten aldakortasun edo heterogeneotasuna aztertzen duen ezaugarria da. Adibidez, A:(1,4,7) eta B(3,4,5) datu multzoak harturik, A datu multzoa sakabanatuagoa dela esango da, tarte handiago batean zehar zabaldu eta datuak gehiago aldentzen direlako 4 balioa hartzen duen batezbestekotik. Probabilitate teorian, ziurgabetasunaren neurri moduan erabiltzen da maiz.

Estatistikan gehien aztertzen den ezaugarri bat da, zentralizazioarekin batera, datuen zentroa ez baita nahikoa izaten datu multzoak bereizteko. Zentroaren eta sakabanatzearen zenbatespenak, berriz, aski izaten dira egoera askotan datu-multzoak eta probabilitate-banaketak zehaztu eta finkatzeko, banaketa normalaren kasuan esaterako. Horretaz gainera, sakabanatze neurriak batezbesteko baten fidagarritasun edo adierazgarritasuna zehazteko, aldagaiak kontrolatzeko (adibidez, lantoki bateko ekoizpen-datuak ohiko mugetatik aldentzen ari ote diren aztertzeko), datu multzoak eta probabilitate banaketak alderatzeko eta beste neurri estatistiko batzuk eratzeko erabiltzen dira. Muturreko datuak hauteman eta estandarizazio izeneko eragiketaz datu multzo ezberdinetako datuak alderatzeko ere erabiltzen dira.

Gehienetan, sakabanatzea aldagai kuantitatiboei buruzkoa da, baina aldagai kualitatiboen sakabanatzea ere azter daiteke, beste ikuspuntu batetik bada ere. Nolanahi ere, sakabanatzea kontzeptu abstraktua da, hedapena, zabalera, aldakortasun eta desbideratze moduan interpretatzen dena. Horregatik, anitz dira sakabanatzea neurtzeko proposatu diren neurriak. Bi sailetan banatzen dira: sakabanatze neurri absolutuak, datu multzo eta probabilitate banaketa bakar baten aldakortasuna neurtzeko baliatzen direnak, eta sakabanatze neurri erlatiboak, bi datu multzo alderatzeko erabiltzeko egokiak.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in