Sakelako mugikorraren aplikazio


Sakelako mugikorraren aplikazio edo app[1] bat, gailu adimentsuetarako diseinatutako aplikazio informatiko bat da. Aplikazioek erabiltzaileari hainbat funtzio eskaintzen dizkiote edozein ataza modu errazago batean egin ahal izateko.

Telefono mugikor gehienek, defektuz, hainbat aplikazio daramatzate instalatuta. Aplikazioak normalean hauek dira: web nabigatzailea, posta elektronikoa, egutegia eta abar. Aipatutako aplikazio batzuk ezabatu daitezke, beste batzuk aldiz, ezin dira ezabatu sistema eragileak ez duelako baimentzen. Kasu hauetan, mugikor batzuk root bihur daitezke eta honen bidez defektuzko aplikazioak ezabatu ditzakete.

Normalean, aplikazioak sistema eragile bakoitzaren aplikazio dendan eskuragarri daude. Aipatutako sistema eragileak hurrengoak izan daitezke: Android, iOS, BlackBerry OS, Windows Phone eta abar. Hala ere, sistema eragilearen menpekoak ez diren beste aplikazio denda batzuk existitzen dira: Cydia, GetJar eta F-Droid. Aplikazioak doakoak zein ordainpekoak izan daitezke. Ordainpekoak diren aplikazioetan irabazitakoa banatzaileen eta garatzaileen artean banatzen da. Gainera, aplikazioaren kostua dendaren araberakoa da; beraz, aplikazio berak prezio ezberdinak izan ditzake.

Hasieran, sakelako mugikor aplikazioen helburua produktibitatea handitzea eta informazioa atzitzea izan zen. Hala ere, eskari publikoaren hazkundeari esker aplikazio kategoria berriak agertu ziren.

  1. (Gaztelaniaz) Guarda, Sergi. (2017ko martxoaren 12a). Cómo se pronuncia app, y qué significa. (Noiz kontsultatua: 2018ko azaroaren 30a).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy