Sentimentalismo

Gotthold Ephraim Lessing idazleak proposatu zuen Empfindsamkeit terminoa

Sentimentalismoa,Empfindsamkeit, Argien Garaian Europan barrena sortu zen arte- eta literatura-joera izan zen.

Haize berriak Ingalaterran sortu ziren (Edward Youngen poesia eta, batez ere, eleberri modernorako ateak zabaldu zituen Pamela, or Virtue Rewarded [1740, Pamela, edo eskerturiko bertutea] eleberria, Samuel Richardsonen obra), eta Europara hedatu XVIII. mendearen erdialdean, Alemaniara bereziki. Gotthold Ephraim Lessing alemaniar idazleak proposatu zuen Empfindsamkeit izena, ingelesezko sentimental hitza adierazteko (1768); Aufklärung edo Ilustrazioaren ikuspegi arrazionalistaren aurkako joerak bildu ohi dira deitura horren barnean. Itzulpen-lanen ugaltzeak zerikusi handia izan zuten ideia berrien zabaltzearekin. Garai hartan hedatu ziren Europara Ingalaterrako literatura-moldeak: James Macphersonek eman zituen Ossianen poemak ezagutzera, Shakespeareren obra hasi zen Europako hizkuntza nagusietara bihurtzen eta Edward Young-en eta beste zenbait olerkariren lanek berehala izan zuten harrera ona. Samuel Richardsonen obraren jarraitzaileak izan ziren, neurri handi batean, Jean-Jacques Rousseau (Julie ou La Nouvelle Héloïsse, 1761) eta Goethe (Die Leiden des jungen Werthers, Werther gaztearen atsekabeak, 1774). Aldi honetako poeta aleman nagusiak Friedrich Gottlieb Klopstock (1724-1803), Christian Fürchtegott Gellert (1715-1769), Johann Timotheus Hermes (1738-1821) eta Sophie de La Roche (1730-1807) izan ziren.

Adiskidetasunaren laudorioak, pertsonaren barne-psikologiaren aurkezpenak, izadiarekiko sentimenduzko atxikipenak, ametsek, amodiozko gorabeherek eta gizarte berriaren atariko arazoek sarrera egin zioten urte haietan XIX. mendearen lehen erdialdera arte luzatu zen aro erromantikoari (Sturm und Drang, 1770-1790). Musikarien artean, Carl Philipp Emanuel Bach (1714-1788), Johann Sebastian Bachen bigarren semea, izan zen espiritu berri horretan murgildu zen musikagilerik garrantzitsuena.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in