Solfeo musika-lanak grafikoki irudikatzeko erabiltzen den musika-notazio bat da, idazketa-sistema bat, honela, beste edozein musikarik ere jo dezake musika-lana, musikagileak konposatutako moduan. Gaur egun erabiliena den musika-notazioa mendebaldekoa da, alegia, bost marrez osatutako pentagraman ikur musikalak irudikatzen dituena. Beste hainbat musika-notazio sistema ezberdinak ere badaude, eta beste zenbait musika herrikoian oinarrituak ere bai. Frantsesezko solfège (sɔl.fɛʒ ahoskatua) edo italierazko solfeggio (solˈfeddʒo ahoskatua) hitzetatik ekarria, berez hitza sol-fa musika notetatik dator. Mendebaldeko musika ikasteko metodo hau solmisazio sistema bat da, beste kulturan swara, durar mufaṣṣalāt edo jianpu diren moduan.[1]
Musika-notazioa pentagrama batean agertzen da. Bost lerro horizontal, distantziakide eta paralelo ditu, eta lau tarte lerro horien artean.[2] Lerroak behetik gora zerrendatzen dira 1., 2., 3., 4. eta 5. linea gisa, eta tarteak berdin, 1. lineatik 4.era.
Lerro eta tarteen gainean, dagozkien musika notak idazten dira; lerro eta tarte bakoitzak intonazio bat identifikatzen du, beherago dagoen nota baxuenetik goiko nota zorrotzenera. Multzo bertikalean, gainera, akordeak irudika daitezke, aldi berean entzungo diren notak.
Nota bakoitzaren altuera pentagramako posizioaren arabera adierazten da, hau da, aukeratutako klabeak nota horri esleitzen dion posizioa, behean adierazten den moduan:[3]