Sorginkeria, sorginekin zerikusia duten sineskeria, ezagutza praktiko eta jarduerak dira. Sorginak nagusiki emakumeekin lotzen diren bitartean, gizonezkoak nagusiki aztiekin lotzen dira, eta beren parekidea aztikeria litzateke.
Antzinarotik sorginkeriari buruzko sinismenak kultur eta herrialde askotan jazo izan dira. Mendebalde kristauan, sorginkeria maiz Deabruaren kultuarekin lotzen da, bereziki Aro Modernoan, eta Europa eta Ingalaterra Berrian piztutako sorgin-ehizari esker.
Hainbat ikerketa eta teoriek, sorginkeria paganotasun eta jentiltasunaren ugalkortasunaren kultuarekin lotzen dute, nahiz eta teoria horiek oraindik ere frogatu gabeak egon. Sorginen sinismenak folklore eta kultura ugaritan berebiziko garrantzia dute.
Euskal Herrian oraintxura arte baserri eta landa giroko eremuetan oso bizirik zegoen sinismena zen. Historikoki, Zugarramurdiko sorginkeria prozesuarekin lotu ohi da, nahiz eta hura Euskal Herrian nahiz gainontzeko Europa osoan jazotako prozesu ugarietako bat besterik ez izan.