Steve Paul Jobs — Steve Jobs izen-deiturez ezaguna— (San Frantzisko, Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak, 1955eko otsailaren 24a - 2011ko urriaren 5a) enpresaburua eta informatikaria izan zen, Apple enpresako lehendakaria, eta informatikaren industriako pertsonaia famatua zen.
Steve Wozniak ingeniariak Apple I ordenagailu pertsonal berritzailea eskuz sortu eta Jobsek ordenagailu pertsonala ezagutzera eman zuen 70. hamarkadaren bukaeran. 80. hamarkadaren hasieran, Erabiltzailearen Interfaze Grafikoaren potentziala aditzera eman zuen.
Berak sortutako enpresaren zuzendaritza batzordearekin arazoak eduki ondoren, 1985. urtean kaleratu zuten Apple Computeretik, ondoren NeXT konpainia sortuz. Konpainia hau Apple Computerek xurgatu zuen geroago, eta Jobs ia heriotzara arte izan zen bere lehendakaria.