Talesen teorema (zirkulua)

Artikulu hau zirkuluaren Talesen teoremari buruzkoa da; Talesen beste teoremari buruzkoa beste hau da: «Talesen teorema (elkarketa)».

Zirkuluaren Talesen teoremak hau dio:

Zirkunferentzia batean inskribaturiko triangeluaren alde bat diametroa bada, triangelua zuzena da.

Geometria klasikoan, bi teorema daude Talesen teorema izena daukatenak: bata hau da, zirkuluaren Talesen teorema; eta bestea, elkarketaren teorema. Uste da Tales Miletokoa K. a. VI. mendeko greziar matematikari eta filosofoak formulatu zituela bi teorema horiek, eta berarengandik datorkie izena.

Lehenengoa (zirkuluarena) artikulu honen gaia da, eta triangelu zuzenen zirkunzentroen funtsezko berezitasun bat argitzen du ("hipotenusaren erdigunean dago zirkunzentroa"), marrazketa geometrikoan angelu zuzenak eraikitzeko erabiltzen dena.

Bigarrenak (elkarketaren teorema), aldiz, azaltzen du nola eraiki triangelu baten beste triangelu antzeko bat (“antzeko triangeluek angelu berdinak dituzte”).

Triangelu isoszeleek bi angelu berdin dituztela frogatzeko erabili zituen Talesek emaitza horiek, bai eta triangelu baten hiru angeluen batura bi angelu zuzen dela ere.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy