Tamesis[1] (ingelesez: Thames) Ingalaterrako hegoaldea zeharkatzen duen ibaia da, Erresuma Batu osoko bigarren luzeena dena. Besteak beste Oxford, Reading, Windsor eta Londres zeharkatzen ditu, eta iturria Gloucestershireko konderrian kokatuta dago.
Ibaiak izugarrizko eragina izan du Londresen garapenean. Hiria ibaiaren ipar-ertzean fundatu zen eta mende askotan zehar zubi bakarra egon zen, Londres zubia (London bridge), hain zuzen ere. Honen ondorioz, Londresko hirigunerik garrantzitsuena iparraldean kokatuta dago, baita zinema, antzerki, gune historiko eta turistikorik inportanteenak ere. XVIII. mendean zubi gehiago eraiki zirenean, hiria norabide guztietan zabaldu zen.