Texcoco aintzira | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 2.236 m |
Mota | aintzira |
Azalera | 2.000 km² |
Geografia | |
Koordenatuak | 19°30′N 98°59′W / 19.5°N 98.99°W |
Texcoco aintzira Mexikoko lurraldea bere Ozeano Bareko kostaldetik zeharkatzen duen Ardatz Neobolkanikoaren erdian, Mexikoko Haranaren hego-mendebaldean dauden gaur egun desagertzear dauden laku sistema baten zati zen. Sistemaren zati ziren ur masetako askoren lehorketara eraman duen historia espainiarren aurreko garaian hasi zen. Historiaren etapa hartan, bertako jatorrizko biztanleek aintziraren behealdean uharte artifizialak sortu zituzten nekazaritzarako lurrak lortzeko edo, Mexiko-Tenochtitlanen kasuan, herrixkak eraikitzeko. XVII. mendean, espainiarrek Espainia Berria deitu zituzten lurraldeak jada menderatu zituztenean, erregeordetzaren hiriburuak kontaezinbeste uholde jasan zituen. Honek, Mexiko independenteak ere jarraitu zituen drainatze lanak egin behar izatea eragin zuen, eta, honen ondorioz, sistema osatzen duten bost aintzirak ia desagertzear daude. Mexikoko Haraneko aintzira arroa Zumpango, Xaltocan, Texcoco, Xochimilco eta Chalcok osatzen zuten. Batzuetan Mexikoko aintzirari buruz hitz egiten da, baina hori soilik indigenek Texcoco lakuaren iparraldean dagoen Guadalupe Mendilerroaren eta aipaturiko aintziraren hegoaldean dagoen Cerro de la Estrellaren artean dike bat eraiki zuten garai historikoa aipatzen denean.
Laku sistema honen ezaugarri berezi bat euren uren izaera ezberdina zen. Xochimilco eta Chalco ur gezazkoak ziren bitartean, Zumpango, Texcoco eta Xaltocan ur gazikarazkoak ziren. Izan ere, azken hiru aintzira hauetako ertz eta uhartexketako biztanleak gatza ustiatzen aritzen ziren, lakuaren ura lurrinduz lortzen zutena. Edonola ere, Mexikoko Haraneko lakuetako ura ez zen probetxugarria gizakientzat. Texcoco, Zumpango eta Xaltocan aintziretako ura ez zen edangarria zuen gatz ugariaren ondorioz, eta Xochimilco eta Chalco aintziretako ur gezak soilik nekazaritzarako ziren probetxugarriak, hauekin lotutako ekosistemetan bizi ziren landare eta animalien hondakinak zapore txarra ematen baitzieten. Horregatik, Mexiko-Tenochtitlaneko biztanleek ur edangarriaren horniketa sistema bat sortu behar izan zuten ura inguruko iturburuetatik ekartzeko.