The Razor's Edge (Labanaren ahoa, euskaraz) William Somerset Maugham idazlearen 1944ko izen bereko eleberriaren zinemarako aurreneko bertsioa da. 1946ko ekoizpen honek Tyrone Power, Gene Tierney, John Payne, Anne Baxter, Clifton Webb eta Herbert Marshall aktoreak, besteak beste, bildu zituen. Edmund Goulding izan zen zuzendaria.
1945ean 20th Century Fox konpainiak Maughamen eleberriaren eskubideak 50.000 dolarren truke eskuratu zituen, eta komertzializazioak sortuko zituen irabazi gordinen % 20. Kontratoa zorrotza zen oso: filmazio lanak 1946ko otsailaren 2rako hasiak ez baziren idazleak 50.000 dolar jasoko zituen kalte-ordaintzat. Zuzendari lanetarako Darryl F. Zanuck ekoizleak George Cukor zuen buruan, baina euren artean ez konpontzeak aukera zapuztu zuen. Bestetik, Isabel Bradley pertsonaiarena egiteko Maughamek berak aitortu zuen Gene Tierney andrazkoa izan zuela gogoan eleberria idazteko unean; kontu honetan ere Zanuckek bestela pentsatzen zuen eta Maureen O'Hara zuen begiz jota; itxura baten O'Harak atzera egin zuen, idazlearen nahia zein zen jakindakoan. Azkenik, Anne Baxterrek osatutako Sophie MacDonald gorpuzteko hautagai izan ziren Betty Grable eta Judy Garland.