The Twelfth

Hamabigarrena edo Orangisten Eguneko martxa Bangor udalerrian, 2010eko uztailaren 13a.

The Twelfth edota Orangemen's Day (euskaraz Hamabigarrena edota Orangisten Eguna) urtero Ipar Irlandan uztailaren 12an egiten den jaiegun loialista eta unionista bat da, bereziki Orange Ordenako kideek ospatua. Jaiegun honetan Iraultza Loriatsua (1688) eta Boyneko guduan (1690) Gilen Orangekoaren gudaroste protestanteak Jakue II.aren gudaroste katolikoa garaitu izana ospatzen da, gertaera honek Irlandan protestanteen nagusitasunari hasiera eman baitzion.

Jaiegun honetan Ipar Irlandako udalerri ugarietan Orange Ordenako gizasemeen talde eta musika bandak laranja kolorez eta XX. mendearen hasierako Eduardotar Aroko kapela eta jantzi dotoreez atonduak kale eta bideetan barna desfilatzen dira, martxa hauek ikusteko milaka ikusle loialista bilduz. Izan ere, Laranja kolorea jatorriz Herbehereetakoa Orange dinastiaren kolorea da, hortik Herbehereetako kolore nazionala ere laranja izatea.

Jende ugarik jaieguna protestantismoarekin lotzen duen arren, jaieguna erlijio sinismena edota nazionalitate sentipenarekin baino Britainiar Koroarekiko leialtasun erakustaldian gehiago oinarritzen da, hortik ingelesezko "loyalist" hitza (loialista, alegia "leiala"), bertan ateratzen den jende asko protestantea ala fedegabea edota britainiar eta irlandarra sentitzen baita, baina horretaz gain batez ere Britainiar Koroarekiko duen leialtasun monarkikoa agertu nahi baitu, alegia, irlandar errepublikanismoaren guztiz aurkakoa.

Ipar Irlandatik kanpo irlandar etorkin loialistak dauden lekuetan ospatzen den jaieguna ere bada, bereziki Eskoziako leku ugaritan (eta honen barnean bereziki Glasgow hirian) baina baita Ingalaterra (bereziki Merseyside eskualdea eta Liverpool eta Southport hirietan), Gales, Kanada (Toronto hirian), Australia (Adelaida hirian) eta Zeelanda Berrian ere, eta harrigarria badirudi ere, baita Irlandako Errepublikako Donegal konderrian dagoen Rossnowlagh udalerrian ere, 1922ko Irlandako Banaketa aurretik gaur egun Irlandako Errepublikaren lurraldean ere loialistak bizi ziren guneetan ospatzen baitziren.

Jaiegun honek ospatu eta oroitarazten duen gertakaria Ipar Irlandako katoliko eta bereziki irlandar nazionalista eta errepublikarrentzat desatsegina eta maiz umilagarria edota sumintzeko arrazoia denez, desfileak gehiengo errepublikarra duten eremuetan sartzean istiluak eta tentsio uneak bizi izan ohi dira. Gaur egun istilu hauek Ostiral Santuko Hitzarmena eta Bake Prozesuaren ondorioz nahiko baretuak daude, salbuespen batzuk kenduta (2012ko Crumlingo istiluak kasu), baina Ipar Irlandako gatazkaren garaian urtero loialisten eta errepublikarren arteko iskanbila larriak gertatzen ziren.

Uztailaren 12a igandean izaten den urteetan jaieguna uztailaren 13ra pasarazten da, honela igandea ekidinez.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in