Thomas Bruce Elgin (Elgingo VII. kondea) (Broomhall, Fife, Eskozia, 1766ko uztailaren 20a - Paris, 1841eko azaroaren 14a) britainiar diplomatikoa eta arte-bildumagilea izan zen. Elginen eskulturak izenekoak eskuratu zituelako da ezaguna. Militarra zen, jeneral nagusia. 1790. urtean hasi zen diplomazia-lanetan; Bruselan, Berlinen, Konstantinoplan eta beste zenbait herritan izan zen ordezkari. Frantziatik bere herrira zihoala, Amienseko Ituna hautsi zen; atxilotu egin zuten, eta 1806ra arte ezin izan zuen Ingalaterrara itzuli.