Tinta hainbat pigmentu (edo koloratzaile) eta likido garraiatzaile bat duen likidoa da. Material baten gainean idazteko edo marrazteko balio du, normalean papera. Edozein inprimazio egiteko erabiltzen da. Tintarik zaharrena txinatarra da, orain dela 5.000 urte baino gehiago asmatua.
Tinten likido garraiatzailea hainbat alkoholen eta uraren arteko nahasketa da. Nahasketa horietan gehien erabilitakoak etanola, metanola, isopropanola, etilen glikola eta ura dira. Likido garraiatzaileak tinta likido egoeran mantentzen du papera bezalako gainazal porotsu batekin ukipenean ez dagoenean.
Idazteko tintak kolorea ematen dion koloregai edo pigmentu berezi bat izaten du. Normalean tinta gehienak isurkariak izaten dira, baina badira ore bigunen modukoak ere. Tinta guztiek azido tanikoa izaten dute kopuru txikietan, eta horren eginkizuna koloregaia paperean finkatzea da. Tipografiako tintek bi osagai nagusi dituzte: batetik, gai solidoa edo pigmentu kolore emailea, eta bestetik, gai likatsua edo ore biguna.