Uraren zikloa

Uraren zikloa.

Uraren zikloa edo ziklo hidrologikoa urak iragaten dituen faseen segida da: lurretik, itsasotik edo lehorreko ur-bilduetatik lurruntzea, hodei izatera kondentsatzea, prezipitazioa, lurzoruan edo ur-bilduetan pilatzea, eta berriro lurruntzea.[1]

Ziklo hidrologikoa edo uraren zikloa uraren zirkulazio-prozesua da, hidrosfera osatzen duten konpartimentuen artekoa. Ziklo biogeokimiko bat da, non erreakzio kimikoen esku-hartze minimo bat dagoen, ura leku batzuetatik beste batzuetara bakarrik lekualdatzen delako edo egoera fisikoz aldatzen delako[2].

Ur-masaren parterik gehiena egoera likidoan egon ohi da. Batez ere itsaso eta ozeanoetan aurki dezakegu egoera horretan, baina baita lur-azpiko ur eta lur-azaleko uretan (ibaiak eta aintzirak) ere. Egoera solidoan dagoen ura ere oso esangarria da, bi poloetan eta mendiko glaziarretan pilaturiko izotza, hain zuzen ere. Frakzio txikiena, atmosferan agertzen da, egoera likidoan laino moduan edo gas egoeran ur-lurrin moduan. Atmosferako ur hori, ordea, oso garrantzitsua da hidrosferako gune ezberdineko uren trukea gerta dadin, gordailu nagusietatik urruti dauden eskualde kontinentaletara ura iritsi dadin ahalbidetzen baitu.

Gure planetaren lurrazalaren hiru laurdenak urez estalirik daude. Ura ezagutzen dugun konposaturik ugarienetako bat da, eta hiru egoeratan aurki dezakegu Lurrean: egoera solidoan (elurra edo izotza), egoera likidoan eta egoera gaseosoan (ur-lurrina). Itsaso, ibai, hodei eta euria etengabe aldatzen dira, lurrazaleko ura lurrundu, prezipitazio moduan berriz ere lurrera erori, lurrean iragazi eta abar. Hidrosferako gune ezberdinetako uraren zirkulazio eta kontserbazioari, uraren ziklo edo ziklo hidrologiko deritzo. Erreakzio kimiko gutxi gertatzen diren ziklo biogeokimikoa da, non ura leku batetik bestera igarotzen den eta egoera fisikoa aldatzen duen.

  1. https://web.archive.org/web/20110818102246/http://www1.euskadi.net/euskalterm/cgibila7.exe?hizkun1=G&hitz1=ciclo%20hidrol%F3gico*&gaiak=0&hizkuntza=eu
  2. «Ciclo hidrológico.» LIMA-PERÚ 2011.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by razib.in