Ekonomian, urre-patroia diru-sistema bat da, non diruaren balioa, txanpon eta billeteen balioak, alegia, urre kopuru jakin bati buruzkoak diren. Izan ere, sistema horretan txanpon eta billete oro dagokion urrearekin truka daiteke nazioko banku zentralean.
Diru-politikan sistemak dakartzan ondorioak zuzenak dira: diru-igorpen berri orok dagokion urrea izan behar du bere oinarrian eta urre-patroiaren mendean dauden bi dibisak trukaneurri egonkor bat izango dute adierazten duten urrearekiko trukaneurriari esker, urrea erreferentzia nagusia eta nazioarteko diru bilakatuz horrela. Aldi berean, inflazioa kontrolpean izateko mekanismo eraginkorra da, diru-igorpenak mugatuak baitira. Aitzitik, urre-patroiarekin, besteak beste likidezia-arazoak sor daitezke eta estatuen diru-politikak aurrera eramaterakoan ahalmen handia galtzen dute, igorritako dirua gordetako urreari buruzkoa izan behar baita.[1]
Egun, ez dago herrialderik urre-patroia erabiltzen duenik bere diru-sisteman baina XIX eta XX. mendeetan munduan nagusi izan den sistema izan da, bitartean gorabehera anitz jasan baditu ere. XIX. mendearen hasieran Britainia Handiak urre-patroia finkatu zuen, mende horretan zehar munduko herrialde gehienek bereganatuko zutena. Urre-patroiak Munduko Lehenengo Gerrara arte iraungo zuen. Munduko bi gerren bitartean, Gold Exchange Standard edo urre-truke patroia nagusitu zen: sistema honetan billeteen atzean urrea zegoen nagusiki baina beste aktibo zenbaitekin batera (libera esterlinak eta dolarrak batez ere).
1929ko kraxaren ondoren, sistemak porrot egin zuen. Bigarren Mundu Gerra bukatzerakoan, Bretton Woodseko akordioen ondoren, urre-patroia jarraitzen zuen herrialde bakarra Ameriketako Estatu Batuak izan ziren eta beste herrialde guztientzat dolarra bihurtuko zen erreserbarako dibisa. 1971. urtean urre-patroia bertan behera utzi Estatu Batuek, dolarrak jasaten zuen itzulketa-presioari aurre egiteko. 1973 urtean hasitako krisialdi ekonomikoaren arrazoi nagusi bat izango zen hori. 1998 urtean Suitza izan zen urre-patroia bertan behera utzi zuen azken herrialdea.