Urrezko Maskorra Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko sari nagusia da. Epaimahai ofizialak ematen du, Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartzen duten filmen artean. Gaur egun, Urrezko Maskorra ezin da ex aequo eman.[1] 1957an hasi ziren berez sari hori banatzen, Nazioarteko Zinema Ekoizleen Federazioak (FIAPF) jaialdiari maila gorena aitortu zionean.
1957a baino lehenagoko sari nagusiak ez zuen izen hori: Filmik Onenaren Saria zen, besterik gabe.[2] 1980. eta 1984. urteen artean, FIAPFek kategoria gorena kendu zion jaialdiari, eta, ondorioz, urte horien artean emandako sariaren izen ofiziala Nazioarteko Kritikaren Sari Nagusia da. Gainontzean, Urrezko Maskorra eman izan dute urtero.[3]
Sei zinemagilek irabazi dute Urrezko Maskorra bitan: Francis Ford Coppolak (1969an eta 1984an), Manuel Gutiérrez Aragónek (1982an eta 1986an), Arturo Ripsteinek (1993an eta 2000n), Imanol Uribek (1994an eta 1996an), Bahman Ghobadik (2004an eta 2006an) eta Isaki Lacuestak (2011n eta 2018an).