Yukon ibaia (ingelesez: Yukon River) Ipar Amerikako ipar-mendebaldeko 3.185 km-ko ibaia da, Yukongo lurraldetik (Kanada) eta Alaskatik igarotzen dena. Ipar Ameriketako hiru ibai luzeenetako bat da. Fort Selwynb-en jaiotzen da, Lewes eta Pelly ibaiek bat eginik, eta Bering itsasoan isurtzen du ura. Yukon gwich'inez "Ibai handia" esan nahi du. Yupikez, berriz, Kwiguk edo "Korronte handia" du izena.
Iturria Britainiar Kolunbiako Llewellyn glaziarean dago, gero, Kanadako Yukon eta Estatu Batuetako Alaska zeharkatzen du. Goi ibilgua Yukongo lurraldetik igarotzen da, 608–912 m-ko kanoi batetik; behe ibilgua lauagoa du. Bering itsasoan itsasoratzen da, Nortongo Badian, 23.300 km2-ko delta eratzen du, horren aurretik 2,5 km-ko zabalera hartuz, eta ibai ugariren ura hartzen du; White eta Klondike (txikia, baina urre ugari aurkitu zelako ospetsua), Kanadan, eta Porcupine eta Tanana, Alaskan, dira adar nagusiak. Indar hidroelektrikoa sortzeko erabiltzen da Yukon ibaiko ura; garrantzi handiko garraiobidea da, eta izokinen arrantza gune handia da.
Bere uretan, Klondike ibaia eskualdean, 1898 eta 1899 artean urrea agertu zen.