Zakila (latinez: Penis; eta hortik eratorritako hitz asko) animalia arren organo sexual nagusia da. Eme zein hermafroditak sexu harremanetan inseminatzeko (Ernal-hazia sartzeko) erabiltzen dute[1]. Zakil gisa har ditzakegun organoak ornodun zein ornogabeetan daude, baina espezie guztietako arrek ez dute zakil bat, eta arrak zakil bat duen espezieetan ez da zertan homologoa izan behar. Animalia guztien zakila ez da giza zakilaren antzekoa, beraz.
Zakil terminoa sarpena egiten duten hainbat organori ematen zaio, baina ez guztiei. Adibidez zefalopodoen sarketa-organoari ektokotilo izena ematen zaio, eta armiarma arrek pedipalpoak erabiltzne dituzte. Ornodunen artean ere badira aldaera morfologikoak, hemipeneak kasu.
Zakil gisa har dezakegun organo bat duten animalia espezie gehienetan, funtzio bakarra ernal-hazia emeengan sartzea da. Ugaztun karenadunetan, ordea, zakila ere uretraren amaiera du, eta gernua zein ernal-hazia eramateko funtzioak ditu[2]. Zakil bat duten animalia gehienetan sistema bat dago gogortzeko, eta askok gorputz barruan gordetzeko aukera dute[3].
Zakilen formak oso aldakorrak dira. Hegazti eta narrasti batzuetan kloakak elkartzen laguntzen duten sistemak dituzte. Ugaztun guztiek zakil bat dute, eta intsektiboro, saguzar, karraskari, karniboro eta primate gehienek bakulu bat dute, zakila tentetzen laguntzen duen hezurra[3].