Zenbaki negatibo

Termometro honek Fahrenheit tenperatura negatiboa adierazten du (–4 °F).

Matematikan, zenbaki negatibo batek aurkako zenbaki bat adierazten du.[1] Zenbaki errealen sisteman, zenbaki negatibo bat zero baino txikiagoa dena da. Zenbaki negatiboak galera edo akats baten magnitudea adierazteko erabiltzen dira. Zor bat zenbaki negatiboen bidez adieraz daiteke; kopururen bat gutxituz gero, gehikuntza negatibotzat har daiteke. Kantitate batek, elektroi baten gaineko kargak esaterako, kontrako bi noranzkoetako edozein izan badezake, orduan, horietako bat aukeratu behar da positibotzat edo negatibotzat noranzkoa bereizteko. Zenbaki negatiboak zerotik beherako eskala batean balioak deskribatzeko erabiltzen dira, hala nola, Celsius eta Fahrenheit-en tenperatura-eskalak. Zenbaki negatiboetarako aritmetikaren legeek kontrako zentzuaren ideia aritmetikan islatzen dela bermatzen dute. Adibidez, −(−3) = 3, aurkakoaren aurkakoa jatorrizko balioa baita.

Zenbaki negatiboak, oro har, zenbakiaren aurretik jartzen den minus ikurrarekin idazten dira. Adibidez, −3 kantitatea negatiboa da, hiruko magnitudea duena, eta «minus hiru» edo «hiru negatibo» ahoskatzen da. Kenketa-eragiketa baten eta zenbaki negatibo baten arteko diferentzia zehazten laguntzeko, batzuetan, zeinu negatiboa minus zeinua baino goraxeago jartzen da (goi-indize gisa). Ordea, zero baino handiagoa den zenbaki bati positiboa esaten zaio. Orokorrean, zero zenbakia ez da ez positibotzat ez negatibotzat hartzen (baina ez beti).[2] Zenbaki baten positibotasuna haren aurrean zeinu positibo bat jarriz nabarmendu daiteke, adibidez, +3. Oro har, zenbaki baten negatibotasuna edo positibotasuna bere zeinuak adierazten du.

Zero ez den zenbaki erreal oro positiboa edo negatiboa da. Zenbaki osoak positiboak edo negatiboak izan daitezke. Bereziki, zenbaki oso ez-negatiboei zenbaki arrunt deritze: 0, 1, 2, 3, 4... (Zenbaki arrunten definizio batzuek zero baztertzen badute ere).

Zero ez denez ez positiboa ez negatiboa, ez-negatibo terminoa erabiltzen da batzuetan zenbaki positibo bati edo zeroari erreferentzia egiteko, eta ez-positibo terminoa zenbaki negatibo bati edo zeroari erreferentzia egiteko. Zero zenbaki neutrala da.

Kontabilitatean, zorrak adierazteko, zenbaki negatiboak erabili ordez, zifrak gorriz adierazten dira edota parentesi artean.

  1. "Integers are the set of whole numbers and their opposites.", Richard W. Fisher, No-Nonsense Algebra, 2nd Edition, Math Essentials, ISBN 978-0999443330
  2. Zero ez dela ez positiboa ez negatiboa dioen hitzarmena ez da unibertsala. Adibidez, hitzarmen frantsesean zero positiboa eta negatiboa da. Positif eta négatif hitz frantsesek ingelesaren esanahi bera dute: "positiboa edo zero" eta "negatiboa edo zero", hurrenez hurren.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy