Ekologian, ziklo biogeokimikoa elementu kimiko eta molekula batzuek (C, N, P, S, K, H2O,...) ekosistema baten osagai biotiko zein abiotikoetan zehar jarraitzen duten ibilbidea da. Ibilbide horretan, beraz, elementu eta molekula horiek bizidunengandik, litosferatik, hidrosferatik eta batzuetan ere atmosferatik pasatzen dira etapa desberdinetan, hainbat tokitan urte luzeak egonik [1] [2]. Biosferako materiaren kopurua mugatua denez, materia hori birziklatu egin behar da Lur gaineko bizia mantentzeko; hori gertatu ezean elikagaiak agortuko ziren eta bizia desagertu.
Ziklo biogeokimikoetan elementu eta konposatu kimikoak bizidun batetik bestera pasatzen dira, eta baita osagai abiotikoetara ere (lurra, atmosfera...). Adibidez, karbonoaren zikloan elementu hori CO2 moduan dago atmosferan, eta organismo fotosintetikoek atmosferatik hartu eta molekula organiko bihurtzen dute. Gero organismo fotosintetikoetatik animalia belarjale eta haragijaleengana pasatzen da, eta hauek arnasketa egiten dutenean atmosferara itzultzen da. Azken animalia hauek hiltzen direnean karbonoa litosferara pasatzen da eta, denboraren poderioz, ikatza eta petrolio bihurtzen da. Erregai fosil horien errekuntza prozesuak karbonoa atmosferara bidaltzen du, CO2 moduan, eta zikloa berriro hasten da [3]
Elementu kimikoen ziklo biogeokimikoetan, ingurumeneko materiaz gainera, elika-sareetako bizidun guztiek dute zerikusia eta hartzen dute parte: ekoizleek, kontsumitzaileek, deskonposatzaileek...