Probabilitate teorian eta estatistikan, zorizko aldagaiak (ausazko aldagaia, aldagai aleatorioa edo aldagai estokastikoa) zorizko saiakuntza bateko balizko emaitzetatik eratortzen diren zenbakizko balioak biltzen ditu, hau da, zorizko balioak hartzen dituen aldagai bat da. Zehatzago, zorizko aldagaiak zorizko saiakuntza bateko emaitzen gainean eratutako funtzio mota bat da. Adibidez, txanpon bat bota (zorizko saiakuntza) eta gurutzekoa eta aurpegikoa (emaitza posibleak) suertatzen direnean, 0 eta 1 balioak esleitzen badira (funtzioa), zorizko aldagai bat sortu dela esaten da, aurpegiko/gurutzeko emaitzetatik 0/1 balioak ezartzen dituena.