Kimikan zortzikotearen araua elementu kimikoen loturen osaketa seinalatzen duen arau enpiriko bati esaten zaio.
Zortzikotearen arauak dioenez, edozein atomok, hidrogenoak izan ezik, 8 elektroiz inguratzeko joera du loturak eratzeko unean[1]. Honela arrazona daiteke zortzikotearen araua: gauza jakina da, helioak izan ezik, gas noble guztiek 8 balentzia-elektroi dituztela eta beren geruza elektronikoak beteta dauzkatela. Gas hauek oso egonkorrak dira, eta ez dute erreakzionatzeko joerarik. Hortaz, atomo guztiek 8 elektroiz inguratzeko joera hurbileneko gas noblearen egitura hartzeko izango litzateke[2].
Zortzikotearen araua baliagarria da, molde erraza ematen duelako molekula inguruko elektroien antolaketa deskribatzeko printzipio sinpleen bidez, baina ezin beti aplikatu. Badira salbuespenak. Adibidez, 2. periodokoak ez diren elementuek ez diote beti segitzen arauari. Fosforoak bi kloruro formatzen ditu: PCl3 eta PCl5. Azken horretan, fosforoa 10 elektroiz inguratuta dago. Nola entendi daiteke hau? Fosforoaren balentzia-elektroien konfigurazio elektronikoa 3s23px13py13pz1 da, baina d orbitalen energia ez da p orbitalena baino askoz altuagoa, eta d orbital horiek erabil daitezke balentzia-orbital gisa: 3s13px13py13pz13d1. Beste salbuespen bat BeH2 da: hidrogenoak eta berilioak ezin dute 8 elektroiz inguratu. Bi hidrogeno-atomoek elektroi bana jar ditzake balentzia-geruzan eta berilioarekin konpartitzeko bi elektroi baino ez dira egongo. Honen ondorioz, BeH2-an lau balentzia-elektroi bakarrik daude berilio-atomoaren inguruan.