Akelarre

Artikulu hau mitologiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Akelarre (argipen)».
Francisco Goyaren Sorginen Akelarrea margolana.

Akelarrea sorginek eta aztiek bilkurak eta erritua bera, zein biltzen diren lekua da. Erritu honen izena Nafarroa Garaian dagoen Zugarramurdiko leizeen alboan dagoen larre edo zelaitik datorkio, Akelarre izenekoa. Erritu hauen inguruko sinesmena oso zabalduta dago, eta ez bakarrik Euskal Herrian eta Pirinioetan, Europako herrialde askotan baizik.

Hala ere, Akelarre izena izan da ospe handiena hartu duena, eta beste zenbait hizkuntzara pasatu dena gainera. Zabalpen honekin zerikusi handia izan zuten Logroñoko Inkisizioak Nafarroako sorginen aurka burututako prozesuek. Badago beste Akelarre izeneko sorgin lekua Mañarian.

Zugarramurdiko harpeko sarrera-atari handiaren gainean, badago horma batean zulo bat, eta herri sinesmenaren arabera hortxe kokatzen zen Aker Beltza bere jarraitzaileei mintzatzeko.

Leize handiak alderik zabalenean 120 metroko zabalera du. "Infernuko" Errekak leizea erdi-erditik zeharkatzen du. Urteen joanean, leizea industen joan da erreka; dagoeneko hamabi metroko garaiera eman dio harpeari. Leize Handia hainbat tokitatik ikus daiteke, behetik edo goitik, eta goitik begiratzean koloredun argiek efektu bereziak sortzen dituzte harrietan. Leize Handiaren atarian, XVIII. mendeko kisu labeak ere hortxe dirau. Gose handiko garaietan, karea uzta gehiago ateratzeko oso erabilgarria izan zen herriko baserritarrentzat. Harpe hauetan aspaldiko hondakin arkeologikoak azaldu dira. Leize Handiaren barruan, beste bat zabaltzen da: Akelarre leizea. Izenaren jatorria kobazuloaren pare-parean dagoen zelaian dago, akerraren larrean, alegia. Hemen izan ohi ziren garai batean akelarreak; hor biltzen ziren sorginak. Errekaz aurreragoko arroila sakona "Sorginen lezea" deitzen dute.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy