Diglosia

Diglosia hizkuntzalaritzan, soziolinguistikan[1], honako hau da: gizarte jakin batean elkarrekin harremanetan dauden bi hizkeretatik bat prestigiotsua izatea, eta erregistro formaletan erabiltzea; eta beste hizkera, berriz, prestigio gutxikoa izatea eta erregistro ez-formaletan erabiltzea. Ohikoa da prestigio handiagoko hizkera formalizatuago egotea. Diglosia egoerak iraunkorra izan behar du bai denboran, bai funtzioetan. Izan ere, egoera horrek konpartimenduetan erabat zatituak ditu aldaera edo hizkuntza bien funtzioak.

Hizkuntza baten lurralde eremuaren zati batean baino gertatzen ez denean, diglosia partziala esaten zaio; hizkuntzaren lurralde osoan denean, berriz, erabateko diglosia.

Bestalde, diglosia dinamikoa da eta behe barietate batzuen patua goi barietate bilakatzea da. Hori argi dago hizkuntza erromantzeen (gaztelania, frantsesa, italiera…) eta latinaren arteko harremanean; latina behe-barietate bilakatu ez bada ere, betetzen zituen funtzio gehienetatik baztertuta dago.

  1. "Diglosia", Anaitasuna, 1973-04-15.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy