Fluido

Fluidoa edo jariakina deritzo ezaugarri nagusi hau duen ingurune material deformagarriari: materiaren ingurune segida berezia da, partikulen artean kohesiozko erakarpen-indar ahula daukana. Horren ondorioz, fluidoen ezaugarrietako bat forma-aldagarritasuna da; baina formaz aldatuz gero, fluidoek ez dute hasierako forma berreskuratzeko gaitasunik; hain zuzen, izaera horretan bereizen dira solido deformagarrietatik, azken horiek hasierako forma berreskuratzeko gaitasuna baitute, barneko kohesio-indarrak direla eta.

Funtsezko ezaugarria jariatzeko gaitasuna dute, alegia, dauden ontzitik isurtzekoa; horregatik, jariakin ere esaten zaie. Dena den, jariakin terminoa Biologiaren arloan erabiltzen da, «zelulek edo edo guruinek ekoizten eta jariatzen duten likido edo substantzia» adierazteko.[1] Nolanahi ere, Fisikan fluido terminoa hobesten da.[2]

Fluidoen propietate berezia biskositatea da, eta fluidoko molekulen arteko barne-marruskaduraren ondorioz sortzen da. Biskositatearen kausaz, fluidoek erresistentzia oposatzen diete barneko esfortzu tangentzialei —ebakidura-tentsio edo zizailadura-esfortzu ere esaten zaie—, eta horrela zaildu edo moteldu egiten da fluido-geruzen arteko higidura erlatiboaren kausaz sortzen den deformazioa.

Fluidoko partikulak elkarrekin finko bilduta mantentzeko ontzi batean gorde behar da fluidoa, hormen artean mugaturik; ontzi barruan egon ezean, zabaltzeko joera dute.  Nolanahi ere, fluidoen artean likidoak eta gasak bereizten dira. Likidoek dauden ontziaren forma hartzen dute, eta bolumen konstantea dute ontziz aldatzean. Ordea, gasek ez dute bolumen zehatzik, eta ontzi itxiaren forma eta bolumena hartzen dute; gainera, ontzia irekita egonez gero, kanpora ateratzen dira, berez.

  1. https://zthiztegia.elhuyar.eus/terminoa/eu/jariakin,+Zientzia eta Teknologiaren HIztegi Entziklopedikoa..
  2. https://zthiztegia.elhuyar.eus/terminoa/eu/fluido,+Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa..

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Tubidy